KULTUR ELKARTRUKEAK
KULTUR ELKARTRUKEAK

Lehen Hezkuntzako bi klase, bata Bilboko Ingeniero José Orbegozo Gorostidi LHIkoa eta bestea Queens-eko PS 88koa (New York), elkarlanean aritu ziren 8 astez baterako proiektu batean. Tailerrak tokian tokiko bi artistek eman zituzten: Naia del Castillok eta Susan Mayr-ek, Bilbon eta New Yorken, hurrenez hurren.

Lehen Hezkuntzako bi klaseek posta elektronikoak, informazioa eta argazkiak trukatu zituzten Internet bidez, eta era horretan leku bakoitzeko paisaiak, sortze prozesuak, bizimoduak eta ezaugarriak alderatu ahal izan zituzten. Asmoa zen ikasleei esperientzia aberasgarriak bizitzeko aukera ematea, euren gertuko ingurunetik harago, eta, hala, bizi diren auzotik kanpo munduko alderdiak ezagut zezatela. Proiektuaren gaiak zuzenean zeuden lotuta bai Ingurunearen Ezaguera bai Hizkuntzak eta Literatura arloetako curriculumarekin.

Euren ingurua idatziz deskribatu eta deskripziook elkarri bidali zizkieten bi ikasgelek; horietatik abiatuta, alegia, beste herrialdeko ikasleek antzemandakotik abiatuta, herrialde horretako paisaiak eta eraikinak pintatu zituzten: elkartruke-lagunen begien bidez ezagutu zuten eskualde hori.